Kaixo mundua! Netirekiren blog berria

Urte berria estreinatu dugu eta Netirekik bere blog berria aurkezten hasiera eman nahi dio 2017ari. Duela urtebete eskasa Netirekik bere lehenengo pausoak eman zituen, eta 6 hilabete baino gehiago igaro dira jada bere web orria argitaratu zenetik. Bazen garaia berriak eta baliabideak ardatz izango duen atal hau ere martxan jartzeko.

ZEIN DA BLOG HONEN HELBURUA?

Zerbait hasten dugun bakoitzean, funtsezkoa da zertarako egiten dugun jakitea. Hau bizitzaren edozein arlotan aintzat hartu beharreko zerbait da, eta zer esanik ez arlo profesionalean.

Bai, halaxe da. Hau blog profesional bat da, eta bere helburua web garapenari buruzko ezagutza eta esperientziak partekatzea da. Horretaz gain, nire burua hobeto ezagutaraztea gustatuko litzaidake: zer egiten dut, nola egiten dut, zer teknologia eta tresna motak erabiltzen ditut eta nire eguneroko bizipenak kontatuko ditut, besteak beste, txoko honetan.

ZEINTZUK IZANGO DIRA BLOGAREN GAIAK?

Unean uneko eskuartean izango ditudan lanek asko baldintzatuko dituzte testuen gaiak. Batzutan bezeroek edo kolaboratzaileek eskatutako lanak izango dira, eta beste batzutan nire kabuz egindako probak eta saltseoak izango dira. Azken hau batik bat, katxarreoa alegia, da langile independientearen lanak duen gauza motibagarrienetariko bat.

Blog honetan PHP, JavaScript eta MySQL-n oinarritutako web garapenaz hitz egingo dugu batez ere, baita WordPress edota AJAX bezalako produktu eta teknikei buruz ere. Eta hori guztia beti Kode Irekia eta Software Aske-ko dosi handi batez kondimentatuta. Noizean behin ere tartetxo bat irekiko diegu web diseinua, erabiltzaile-esperientzia edo langile autonomo eta freelance-aren bizimoduari.

ZENBATEAN BEHIN AGERTUKO DIRA EDUKI BERRIAK?

Hori da erantzuteko galdera zailena. Hau bezalako lehendabiziko sarrera batean zaila da zerbait berria hasten den gogoberotasuna eta ilusioaren eragina saihestea.

Gustora esango nuke astean 2 sarrera edo gehiago argitaratzeko asmoa dudala eta hemen idatzita uztea. Horrela, gainera, aitzaki ederra izango nuke emandako hitza betetzeko eta nere burua erritmo hori mantentzera behartzeko, erreferentzia-blogaria bihurtuz. Baina zintzo hitz egingo dut, ezberdin jokatuko dudan uste osoa baitaukat.

Blog hau osagarri bat izango da nire jarduera nagusian (kodea idaztea eta webguneak eraikitzea), eta aktibitate horretan zentratuko ditut nire indar eta ahalegin gehienak. Nire asmoa hilean artikulu bat baino gehiago idaztea da, eta posible bada bi astetan behin artikulu bat. Baina ez hartu hau konpromiso irmo bezala, eta ez pentsa hau guztia alde batera utzi dudanik hemendik berriro pasatzen bazarete eta ezer berririk baldin ez badago azken bi hilabetetan.

Blog batean idaztea ez da lan makala, eta ziur aski behin baino gehiagotan irakurri duzue hau jada. Blogosferan horretaz ohartarazten diguten hamaika artikulu daude. Ameriketan ere, urrea urrun. Bloga eguneratuta mantentzea, eta gutxiengo kalitate mailako edukiak idaztea denbora, disziplina eta esfortzua ez ezik, motibazioa eta inspirazioa ere behar beharrezkoak dira, eta hori bermatzea oso oso zaila da.

NORK IDATZIKO DITU TESTUAK?

Momentuz, blog honetan idazle bakarra egongo da, Ricardo Otxoa, Netireki proiektuaren atzean dagoen pertsona bera.

Ni hobeto ezagutu nahi baldin baduzu nire aurkezpen-artikulua irakur dezakezu. Era berean, zuk nire blogean idatzi ala nik zurean idaztea nahi baldin baduzu, jarri nirekin harremanetan. Ez izan lotsarik eta erabili kontaktatzeko formularioa.

BLOG HONETAN ARGITARATUTAKO TESTUA ETA KODEA KOPIATU ETA ERABILI DEZAKET?

Jakina! Animatzen zaitut gainera. Hemen aurkituko duzun guztia CC BY-NC-SA 4.0 (Aitortza-EzKomertziala-BerdinPartekatu 4.0 Nazioartekoa) lizentziapean dago.

Lizentzia honek edukia partekatu eta nahibeste moldatzeko baimena ematen dizu, eta horretarako 3 baldintza hauek bete behar dituzu:

  • Jatorrizko egilea aitortzea.
  • Materiala helburu komertzialetarako ez erabiltzea
  • Zabaltzeko, iturburuaren baldintza berak erabiltzea.

ETA ORAIN, ZER?

Orain zeure unea da. Argitaratutako artikuluak miatu, iruzkinak utzi, edukiak partekatu, jarrai nazazu sare sozialetan eta itzuli! 😉

Eta zu? Ba al duzu blog pertsonal ala profesionalik? Gogoan duzu bat izatea baina oraindik ez zara animatu? Blog bat izan eta alde batera utzi zenuen, ala eguneratuta mantentzen duzu? Utzi komentario bat eta kontaiguzu zure istorioa!

Software LibreaWeb DiseinuaWeb GarapenaWordPress